Kobazuloa: Gerlariaren Gela

Lurrazaletik oso gertu egon arren (gela honen punturik altuena azaleratik 5m-tara dago), Herensugearen gotorlekutik, bi rappel txiki burutu behar dira bertara iristeko. Hau dela eta, atondu gabe geratu da, ezinezkoa baitzen pasarela bidez bertara iristea kobazuloa hainbat puntutan apurtu gabe.

Gelari dagokionean, gorantz egiten duen bolumen handiko espazio bat da. Kasu honetan ere gelari izena formazio geologiko bitxi batek ematen dio. Erdi Aroko gerlari baten kaskoa dirudi. Gelak 55m-ko luzera du eta zabalerari dagokionean hogei bat metro baditu. Formazio geologikoei dagokienean aurreko biak bezain aberatsa da.